XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Poztekoa da, ez zara behi makala.

Benetan, asko pozten naiz.

Izanez ere, mundu honetan ez dago behi makala baino gauza makalagorik.

Arnasa lasaitu zitzaidan.

Hitzik gabe, pentsamenduaren bitartez alegia, eskerrak eman nizkion Setatsuari.

- Hori da, Eztenas horrek Balantzategi zaindu nahi du -hasi zen ostera La Vache.

Berak Eztenas deitzen zion Antiaju Berderi, gehientsuenetan behintzat bai.

Zergatik? Bada, ez dakit.

Horregatik nengoen aldapa gaikaldean errota zaintzen eta han esaten ari zirenak entzuten.

Baina Eztenasek oso gauza gutxi kontatzen die hortzaundiei.

Gainera, bere hizkera hori oso kostata ulertzen dut.

- Nik, ez kostata eta ez kosta gabe.

Ez diot ezer ulertzen.

Baina, egia al da ezer ez dakizula?

La Vache begira jarri zitzaidan, oso serio.

Ez, oraingoan ez zebilen ni probatu nahian.

- Ezer zehatzik ez dakit, hori egia da.

Baina, jakina, neure juzkuak eginda nago.

- Eta zein juzku dira horiek? -galdetu nion behi jaioberriaren inuzentziaz.

La Vache qui Rit bere bi ikatz haiekin begira gelditu zitzaidan, behin ere baino serioago.

- Aditu al duzu zerbait gerraz? -esan zidan ixilune baten ondorenean.

- Ez, nik ez.

- Jakina, ezin izan bestela zaren gaztearekin.

Baina nik dagoeneko baditut urte batzuk, eta hamaika gauza ikusita (...).